(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

ASTEBURU BELTZA IZAN DUTE GETARIARREK

ASTEBURU BELTZA IZAN DUTE GETARIARREK

Ast, 14/01/2014 – 01:00

Ez lehen taldeak ez bigarrenak, ezin izan dute puntu bakar bat ere lortu eta egindako akatsak zuzentzeko aukera izango dute aste honetan. Lehen taldeak erronka zaila zuen sailkapeneko liderraren aurka. Hasiera batean, talde hobeagoa da Anaitasuna eta hori argi ikusi zen lehen zatian. Atsedenaldira iritsi bitartean, azkoitiarrak jaun eta jabe izan ziren zelaiaren gainean. Joko hobea egiteaz gain, haizearen laguntza izan zuten eta faktore hau, erabakigarria izan zen lehenengo  golean. 42. minutuan, area hertzetik  loratutako baloiak ateko marra gainditu zuen. Ordura arte defentsan egindako lanak bertan behera geratu ziren. Bigarrenak beste itxura bat izan zuen. Ketak haizea alde zuen eta honi esker azkoitiarren gainean izan ziren une oro. Joko ikusgarririk izan ez arren, hiru jokaldi garbi izan zituzten golen bat egiteko baina aurkariaren atean barkatzen denean, garesti ordaintzen da.  72. Minutuan, zoritxarreko jokaldi baten ondoren, Anaitasuna behin betiko 0-2-koa ezarri zuen markagailuan. Garaipena urrun izan arren, puntu bat eskuratzeko ahaleginak egin zituzten.Bigarren taldeak aldiz porrot mingarria jasan zuen. 8-0-eko emaitzarekin itzuli ziren Hondarribitik eta emaitzak erakusten duen bezala, goitik behera kontrolatu zuten partida hondarribiarrek. Joko, jarrera eta asmo hobeak izan zituzten etxekoek getariarrek baino.